
Iturria: Ugatzi Saski Instagram
ARRISKUAREN AURREAN LEHIAKETARIK EZ​
​
Gasteizko Urgatzi saskibaloi taldeak denboraldia hastearen aurrean desadostasun osoa adierazi du
Gasteizko Urgatzi saskibaloi taldeak denboraldiari hasiera ematearen aurkako jarrera adierazi zuen pasa den astean. Taldeak Twitterren adierazpen bat argitaratu zuen azalduz COVID-19ak eragin duen egoeraren ondorioz ez dela egokia denboraldia hastea, horrek dakarren arriskua kontuan hartuta: “Irmoki uste dugu amateur izaerako lehiaketek ez dituztela hauei hasiera emateko baldintzak betetzen”, izan da sare sozialean zabaldu duten mezua.
Federakundeak hartutako erabakia ez zen taldeak espero zuena, Joseba Puelles, Urgatziko kideak azaldu duen moduan: “Egoerari aurre egitea ezinezkoa zela ikusita, denboraldian parte ez hartzea erabaki genuen, eta lehenbailehen Euskal Saskibaloi Federakuntzarekin (ESF) hitz egin genuen gure egoera azaltzeko, baina jaso genuen erantzuna ez zen espero genuena izan”. Federakuntzak kategoria jaitsiera pairatuko zutela adierazi zien, eta hasiera batean egindako 4000€-ko ordainketa galduko zutela.
Urgatzi, Olabide ikastolako taldea, saskibaloiko Gizonezko Lehenengo Maila Amateur Nazionalean jokatu behar zen aurten, baina hasieratik segurtasun neurriak betetzearen ezintasunaren kontra aritu ziren. Taldea entrenatzen hasi bezain laster arazoekin topatu zen, Joseba Puellesek azaldu duen moduan: “Denboraldia gogo handiekin hasi behar genuen, baina hasi ginen entrenatzen eta bi kasu posiblerekin topatu ginen, bata positiboa izan zena”. Honen ondorioz taldeak entrenamenduak bertan behera utzi behar izan zituen.
Saskibaloiko maila nagusietan koronabirusa detektatzeko baliabide gehiago izanda ere kasu positiboak agertzen jarraitu dira, hala nola, ACB edo LEB Oro ligetan. Horrek birusaren kutsaketa ekiditzea ezinezkoa dela agerian uzten du, eta adierazpenean azaltzen den moduan are gehiago Amateur talde batean, zeinean detekzio-baliabideak askoz ere eskasagoak diren.
Ikastolak laguntzeko prest
Olabide Ikastolako taldeak ez daki zein izango den haren etorkizuna, jokalari gehienak ikasleak edo lanean hasi berri diren gazteak dira eta galera ekonomikoak oso latzak izan daitezke. Ikastolak laguntza ekonomikoa eskaini die, baina beraientzat “hori ez da irabaztea” eta gustatuko litzaieke bestelako aukerarik topatzea.
Lucía Mozas de Balugera 2020-10-15
​
#Saskibaloia
#EuskalSaksibaloiFederakuntzaESF
#Urgatzi
#GaleraEkonomikoak