
KIROL INKLUSIBOAN BARRENA
Kirola inklusiboa izan dadin beharrezkoa da jende askoren arteko lankidetza. Ezezaguna zaigun mundu honen muineraino ailegatzeko hura osatzen duten banako eta talde ezberdinak ezagutu behar ditugu
Guztiok dakigu zer den kirol inkusiboa, edo hori uste dugu behintzat. Baina...ezagutzen al dugu bi hitz horien atzean dagoen benetako esanahia? Hurrengo paragrafoetan zehar askorentzako ezezaguna den mundu honetan murgilduko gara. Kirol “inklusiboaren” sistema osatzen duten engranajeak ezagutzera emango dira hainbat elkarte, irakasle, entrenatzaile eta kirolarien eskutik. Bakoitzak bere modura kirol “inklusiboari” hegoak ematen dizkio.
Hezkuntzarekin has gaitezke. Ezaguna da hezkuntzak paper garrantzitsua jokatu ohi duela gizartean eraldaketak eta aurrerakuntzak lortzerako orduan. Umeak geroz eta ingurune “inklusiboagoetan” hezituak direla esan daiteke; baina horretarako, ezinbestekoa da irakasleen formakuntza egokia izatea. Hala azaltzen du Aitor Iturricastillok, Zuzenak taldeko entrenatzaile-ohiak eta EHUko Jarduera Fisiko Inklusiboko irakasleak: “Inklusioko irakasgaian ikusten dugu zein erreminta, metodologia eta baliabide izan ditzakegun pertsona guztiek gorputz-hezkuntza egin dezaten”. Irakasle eibartarrak kirola benetan inklusiboa izateko gakoa partaidetza dela uste du. Harentzat ez da nahikoa desgaitasuna duten ikasleak gorputz-hezkuntzako klasean egote soila; desgaitasunik ez dutenekin elkarrekintza egotea baizik.
Iturricastillok ez ezik, Donostiako Jankintza ikastolan gorputz-hezkuntzako irakasle den Luis Larrañaga “Pizti”-k ere elkarrekintza eta esku-hartzeari ematen die garrantzia. Gainera, umeek hain errotuta duten lehiakortasunari atxikitzen dizkio gorputz-hezkuntzako klaseetan, desgaitasunen bat duten ikasleak daudenean, batzuetan sortzen diren gatazkak. “Lehiakorrak ez diren jolasetan ikasleak maitatuak eta taldean bat eginda sentitzen direla esango nuke”, sinisten du Piztik.
Inklusioa ikastetxeetan
Gobernuak ere badu bere esku-hartzea mundu honetan eta inklusioaren gaia pil-pilean egon da azken boladan Kongresuan. Azaroaren 19an LOMLOE edo Zelaá Legea onartu zen Madrilgo Kongresuan, ika-mika handia sorraraziz. Legeak planteatutako aldaketen artean hezkuntza berezirako zentroak murriztearena dago. Legeak dioenez, 10 urte barru “ohiko” zentroak arreta berezia behar duten ikasleen beharrei erantzuteko egokituta egongo dira. Helburua behar egokituak dituzten ikasleen hezkuntza eta integrazioa erraztea da. Integrazio horrek ordea, erronka berria suposatu dezake gorputz-hezkuntzako ikasgaian.
Iturricastillok erronka hori “uste duguna baino errazagoa” dela argitu du. Egin dituen ikerketetan, gorputz-hezkuntzako klasean desgaitasun bat dagoenean inklusioarekiko jarrera nola garatzen den aztertu du. Ikasleek desgaitasunarekin kontaktua izateak haien inklusioarekiko jarrera hobetzen duela ondorioztatzen du irakasleak.
Kirol konbentzional egokituez gain, badaude kirolak soilik dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat; Boccia, Slaloma eta Goalball-a adibidez.
​
Boccia kirola pilota urdin eta gorriak zelaiaren alde batetik bestera botatzean datza, pilota zurira ahalik eta gehien gerturatuz. Petanka moduko kirola da, “petankaren antzeko barne-logika dauka baina berezitasun batzuekin”, adierazi du HASZTEN elkarteko Nerea Garciak. Ezberdintasun nabariena pilotak dira, ile sintetikoz eginak eta barnean plastiko gogorreko bolatxoak dituztenak. Beste berezitasun bat zelaia da. Ez da harean jolasten, parkeetan edo kiroldegietan baizik. Joklalari bakoitzak bere materiala eraman behar du partidetara, haien beharretara egokituta egon behar duelako. Bakoitzak bere jaurtiketa teknika dauka, ez daude bi teknika berdin.
Hasiera batean garun paralisia zuten pertsonentzat egin zen, baina denborarekin afektazio fisikoren bat duten pertsonak batu dira. 1984. urtean Joko Paraolinpikoetan kirol moduan errekonozimendua jaso zuen. Gaur egun, desgaitasuna duten pertsona gehienek kirol honetan parte hartzeko aukera dute, “Badaude kirolari batzuk bakarrik burua pixka bat mugitu dezaketenak eta mugimendu horrekin jokatzen dute”, aitortu du Garciak.
​
​
AZPITITULO
“Egunero ezkerreko hankarekin jaikitzen naiz eskuinekoa ez daukadalako”
Desirée Vila Bargiela Galiziako atletismo egokituan lehiatzen duen kirolaria da. Bere bizitza osoa kirolean eman du eta hanka bat galtzeak susposatu zuen istripu bat izan arren, haren pasioak ez du bere burua gelditu. Desiréek 23 urte izateko gauza asko bizi behar izan ditu eta gaur egun bere bizitzak pertsona asko motibatzen ditu. Gaur egun jo ta ke dabil Tokioko Joko Paraolinpikoetarako prestatzen.
​
Zeintzuk izan dira zure kirol-ibilbidean gehien markatu zaituzten lorpenak?
​
Aurreko urteko Mundiala oso polita izan zen, paralelismoarengatik. Lau urte lehenago gimnasia akrobatikoko Mundialean parte hartu nuen eta iaz egokitutako atletismoan negoen, aurrekoarekin zerikusirik ez duen kirol batean. Horrek harro egotea sentiarazi zidan, bizi izan ditudan gorabeheren ondoren gehien gustatzen zaidana egiten jarraitzen dudalako: maila gorenean lehiatu, nahiz eta egoera guztiz desberdinean egon. Momentu horretan oso harro sentitu nintzen kirolera itzultzeaz, ez hainbeste munduko txapelketan egon nintzelako.
​
Zer paper izan zuen kirolak anputazioaren ondorengo indarberritze-prozesuan?
​
Kirolak dakartzan baloreengatik oso garrantzitsua izan zen. Gainera, nire ustez eliteko kirola bizitza beraren isla da, haren barruan egoera zailak aurkitzen dituzulako: lesioak, injustiziak, amore emateko momentuak; baita arrakasta-une oso onak ere, zoriontsuak, zure helburuak lortu izandakoak. Gure eguneroko bizitzan huts eginda gauden egunak ditugu, gauzak ez ditugu ulertzen, dena gaizki ateratzen zaigula ematen du eta abar. Beraz guzti honek bizitza erreala zer den erakusten digu.
Zure gainditze-gaitasunarengatik eredugarria zara. Nola transmititzen duzu indar hori zure antzeko egoeran dauden gazteei?
​
“Zergatik” galdera “zertarako” aldatu nahi dudalaz konturatu naiz, nik bizi izan dudan guztiak zentzua izatea nahi dut. Azken finean, sufrimendu horrek pertsona batzuk inspiratzeko balio du. Jendeak nire kasua ikusten duenean, pentsatzen badu nik guzti hau gainditu ahal
izan dudala, beraiek ere gai sentituko dira.
Nire historiaren bitartez motibazioa
transmititzen saiatzen naiz. Batzuetan zeharka
egiten dut, adibidez, snowboard-a egiten
nagoenean eta norbait soilik hanka bat dudala
konturatzen denean, amore ez emateko
motibatua sentitu daiteke.
​
Kirol inklusiboa geroz eta integratuagoa dago
gizartean baina oraindik egiteko ibilbide asko
falta zaigu. Ikusgaitasun hori areagotzeko zer
planteatuko zenuke?
​
Lehenik eta behin, laguntza ekonomikoak falta dira. Ez da jendeak kirola egin nahi ez duenik, baizik eta oso garestia denez gutxi batzuen eskura dagoela. Bigarrenik, jendeak gu errespetatzea eta baloratzea pertsonak eta kirolari moduan. Oraindik ez ditugu laguntza eta aukera berdinak, oraindik badago ezgaituen kirola gizajoena dela ikusten duen jendea. Nik egunero hiru ordu ematen ditut entrenatzen eta ez naiz inolako gizajorik. Pixkanaka erakusten ari gara hemen gaudela eta nahiz eta hanka edo beso bat falta zaigun inor baino hobeago izateko entrenatzen dugula.

Iturria: El Español egunkaria

Etxe bakarra, jarraitzeko bi eredu
Ana Aguirianok eta Iñaki Ibarretak Zuzenak klubean kolaboratzaile gisa jarduten dute. Aguiriano eskolan dabil desgaitasun handiagoak dituztenekin eta Ibarreta harrobian, “progresio handiagoa” izateko aukera dutenekin.
​
Kirol “inklusiboan” eta bereziki saskibaloian ibilbide handia izan duten bi kirolari dira Aguiriano eta Ibarreta senar-emazteak. Ibarreta, hamazazpi urterekin istripu bat izan ostean hasi zen aulki gurpilduneko saskibaloian jolasten eta Aguirianok, berriz, aulki gurpilduneko atletismoarekin batera praktikatzen zuen. Europako txapelketa ugaritan eta Paralinpiadetan ibiliak dira biak. Ibarretak Seul 88’ko Paralinpiadetan eta Bartzelona 92’koetan parte hartzeko aukera izan zuen. Azken hauetan ere Aguirianok parte hartu zuen, emakumezkoen kategorian. Ibarretak sentsazio “azalezin” bezala deskribatu du bere partaidetza: “Txundigarria da, leku guztietako jendea biltzen da bertan: amerikarrak, japoniarrak,... orain munduko toki guztietan kontaktuak ditut”. Aguirianok ere bizipen ez-ohiko bezala aurkezten du bere esku-hartzea: “Garai horretan gainera, orain baino askoz ikusgarriagoa zen”.
​
Aguirianok Zuzenaken saskibaloi taldean lehenengo emakumea izanagatik omenaldi bat jaso zuen iaz. Gasteiztarrak ez dio garrantzi handirik ematen talde mistoko lehenengo emakumea izateagatik “txalotua” izateari. Generoaren dimentsioa alde batera utzita harro dago berak emandako urratsak geroago etorri direnentzako gida izan direlako: “Harro sentiarazten nauena beste emakumei bidea ireki izana da. Azken finean, erreferente bat izateak etorkizuna dagoela, jolastu dezaketela eta urrun ailega daitezkeela ikustarazten die”.
​
Iñaki Ibarretak, bere aldetik, argi dauka Zuzenaken bidez lortu nahi duena laguntza behar duen jendeari laguntza eskaintzea dela. “Ni Zuzenaken banago, gizarteari behin gizarteak nirekin egin zuena bueltatu nahi diodalako da”, aitortu du Ibarretak.
Elkarteen lana
Elkarte eta erakunde ezberdinek burutzen duten lana ere funtsezkoa da kirol “inklusiboaren” biziraupenerako.
GaituzSport elkarteak 2014. urtean sortu zenetik inklusioa izan du helburu. Kirola eta jarduera fisikoa tartekari moduan erabili dituzte, bertan lan egiten duen Silvia Zobaránek azaldu duen moduan: “Gizartea guztiok osatzen dugu, desgaitasuna duten pertsonek eta ez dugunok. Horregatik jarduera fisikoak guztiontzat izan behar direla penstatzen dugu. Elkarteon ardura da hauek bultzatzea”.
​
Haszten erakunde getxotarra ere 2014an sortu zen aniztasun-funtzionala zeukaten haurrak asebetetzeko xedearekin. Nerea Garcíak, Haszteneko lankideak, erakundea duela sei urte sortu zela azaldu du, kirol inklusiboa aurrera eramateko baliabide nahikorik ez egotearen ondorio. Garciarentzat “pena bat” da helburu batzuk laguntza ekonomiko nahikoa ez izateagatik baztertu behar izatea.
​
Zuzenak kirol klubak denbora gehiago darama mundu honetan. 1980tik bere helburu nagusia ezgaitasun fisikoak dituzten pertsonei kirola egiteko aukera eskaintzea izan da. Gaur egun ere asmo berberarekin dabil lanean. Iñaki Ibarreta Zuzenakeko kolaboratzaileak eta jokalari-ohiak argitu du elkarteak kirol egokitu askoren praktika ahalbidetzen duela (motoziklismoa, hipika eta zestapunta, etab.) nahiz eta saskibaloi taldearengatik ezaguna izan.
​
Kokapen geografiko ezberdina izan arren, hiru erakundeek helburu berdina bilatzen dute: kirolaren bidez desgaitasunak dituzten pertsonen inklusioa sustatzea.
​
“Inklusiboa” ala egokitua?
Orain kirol “inklusiboaren” aurpegi desberdinak ezagututa, hura ikuspegi zabalago batekin aztertu daiteke. Kirol “inklusiboa” guztion parte-hartzea ahalbidetzen duen kirola izango litzateke, guztiok maila berean eta salbuespenik gabe egiteko modukoa.
​
​
Hala ere, inklusioarengatik egunero borrokan dabiltzanek ez dute ahazten kirol “inklusiboaren” baitan esklusibitate kasu batzuk ere badaudela. Kategoriak, generoak eta desgaitasun motak, adibidez, badute berezko esklusibitate bat. Horren adibide argia da Ana Aguiriano Zuzenak elkarteko laguntzaileak azaldu duena: “Nik jolasten nuenean ez zegoen puntuazio desberdintasunik, baina orain emakume izateagatik gizonek baino desgaitasun-puntuazio handiagoa daukate neskek”.
​
Orduan, kirol “inklusiboa” ordez kirol egokitua esan beharko litzaioke. Aitor Iturricastillok argi dauka inklusioaren eta egokitzapenaren arteko dikotomia: “Kirola berez ez da inklusiboa. Inklusioa sustatzeko tresna moduan erabili dezakegu baina, kirola, bere baitan, esklusiboa da”.
​
#KirolInklusiboa
#Inklusioa
#Integrazioa
#Hezkuntza
#ZelaáLegea
#JokoParalinpikoak
#Boccia
#AtletismoEgokitua
#AulkiGurpildunekoSaskibaloia
#Motibazioa
​
​
​
Kirolari amorratuak 2020-12-06
