top of page

«Pozik nago kirola egiten dudanean; ondo egoten laguntzen dit»

Errugbilari ohiak “El Conquistador del Fin del Mundo” programan parte hartu zuen iaz. Aurten bere nebarekin batera ‘Kirolaba’ gimnasioan arituko da lanean.

‘Kirolaba’ gimnasio ireki berrian lan egiten du Idoia Olabarrietak (Getxo, Bizkaia, 1995). Getxotarra betidanik izan da kirolari amorratua eta gimnasioari esker jendeari bere pasioa eta ezagutza transmititu diezaioke. Pasa den urtean proiektua bere neba Ander Olabarrietak sortu bazuen ere, aurten biek lan egingo dute hura aurrera eramateko.

​

​

Zer ikasketa burutu dituzu gimansio batean lan egiteko?

Gasteizen Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua (JFKZ) ikasi nuen eta orain bi master egiten nabil; bata jarduera fisiko eta ohitura onei buruz eta bestea entrenamendu funtzionalaren inguruan. Gainera erditze eta erditze aurreko ikasketak ere hasi nituen, beti nabaritu dudalako emakumeen munduan horren beharra zegoela.

​

Zein izan zen zure lehen kontaktua kirolarekin?

Betidanik ibili naiz mendian eta frontoietan nire gurasoekin. 12 urte nituela errugbian hasi nintzen ‘Getxo Rugby’-n nire osabak hura frogatzeko aholkatu zidalako eta hortik aurrera kirol honetaz maitemindu nintzen.

​

Zer erakutsi dizu errugbiak zuretzat hain garrantzitsua izateko?

Niretzat errugbia guztia izan da. Txikitatik egin nituen lagunek orain ere adiskide izaten jarraitzen dute eta psikologikoki nire burua kontolatzen ikasteko ezinbestekoa izan da. Izan ere, erakutsi didan garrantzitsuena sufrimendu-gaitasuna izan da: egoera txarretan aurrera egiteko gaitasuna. Eta horrek asko lagundu dit bai jokatzerako orduan baita nire bizitza pertsonalean, lesio oso gogorrak izan baititut. Lesioak izan dira, hain zuzen ere, errugbia uztera behartu nautenak.

​

Zergatik da garrantzitsua kirola zure eguneroko bizitzan?

Niretzako ohitura hutsa delako, hainbat urtetan zehar gelditu gabe ibili naiz eta. Orain lesionatuta egon naizela, nabaritu dut zerbait falta zitzaidala. Pozik nago kirola egiten dudanean; ondo egoten laguntzen dit. 

50064359841_901b68bbb3_b.jpg

Nola hasi zen Kirolaba proiektua?

Nire nebak hasi zuen proiektua, ni baino 2 urte nagusiagoa da eta gauza berdinak ikasi ditugu: JFKZ gradua eta master ia-ia berdinak. Bere ideia izan zen hasiera batean, eta printzipioz ez geneukan pentsatuta ni hain azkar batzea, baina izan zuen berehalako arrakasta ikusita pentsatu genuena baino goizago sartu behar izan nintzen lanera.

 

Zeri atxikitzen diozue arrakasta hori?

Batez ere nire nebak egiten duen lanari. Berak beste zentro batean jada bazeuzkan bere bezeroak. Hainbeste bezero zituen non bere zentro propioa zabaldu behar izan zuen. Horretaz gain, egia da nik Conquis-ean parte hartu izana arrakastaren arrazoi izatea. Sare-sozialetan nabaritu dugu batez ere, hasieran ez genuelako ia ezer eta Conquis-ean egon nintzenean gauzak publikatzen hasi ginen eta jende gaztea bereganatzea lortu genuen.

 

Nolakoa da zure nebarekin lan egitea?

Oso ondo moldatu gara hasieratik, baina hasi aurretik pixkat kezkatzen gintuen gai honek. Bi aukera zeuden, elkar hiltzea nahi izatea edo gure harremana estutzea; eta azkenik bigarrena izan da gertatu dena. Gure harremana egonkortu da eta nahiz eta askotan haserretzen garen oso ondo eramaten gara.

​

Gazteak izanda zaila izan da gimnasio bat irekitzea?

Bai. Nabaritu dugu guk daukagun dirua ez dela gure gurasoek duetenaren berdina, baina gure familiaren laguntzari esker eta bankuaren parte-hartzeari esker aurrera eraman dugu. Iniziatiba eta proiektu egokiak dituzten gazteok entitateen babesa edukita lan txukunak sor ditzakegula frogatu dugu. 

«[Errugbiak] erakutsi didan garrantzitsuena sufrimendu-gaitasuna izan da: egoera txarretan aurrera egiteko gaitasuna»
«Nire burua gimnasioan eta Getxon dago momentuz. Oraingoz ez daukat planik baina ateak zabalik dauzkat edozertarako»

Zergatik sartu zinen ‘Conquis’-ean? Zer ikasi zenuen bertan?

Nebak eta biok betidanik esan dugu ‘Conquis’-era apuntatu behar ginela baina inoiz ez genuen azkenengo urratsa ematen. Unibertsitatea amaituta eta errugbia utzi behar izan nuela, momentu aproposa izan zitekeela ikusi nuen. Asko pentsatu gabe aurkeztu nintzen eta ez nuen espero hartuko nindutenik. Errugbiak irakatsi zidan sufrimendu-gaitasun bera irakatsi zidan programak: ezin gaizkiago egonda ere, beti aurrera jarrai dezakegula.

​

Etorkizunerako proiektuak dituzu? Ametsen bat?

Momentuz gure proiektua hau da, denbora luzez mantentzea gustatuko litzaiguke baina hasi berri denez ez dakigu nola joango den guztia. Beti pentsatu izan dut atzerrian bizitzea gustatuko litzaidakeela baina nire burua gimnasioan eta Getxon dago momentuz. Oraingoz, ez daukat planik baina ateak zabalik dauzkat edozertarako.

#IdoiaOlabarrieta

#AnderOlabarrieta

#Kirolaba

#Conquis

#Errugbia

Maixa Utrera eta Ane Susperregui

2020-10-29

bottom of page