
Iturria: Noelia Tenak ateratakoa
IKASTURTEAREN ITZULERA DANTZA MUNDUAN
Eureka Dance Studioak ateak ireki ditu ikasturte berriari hasiera emateko, segurtasun neurriak kontuan hartuz
Eureka Dance Studioak Irailaren 7an bere ateak ireki zituen ikasturte berriari hasiera emateko,COVID-19ak eragin duen egoera aurreko ikasturteetakoa bezalakoa ez izan arren. Errenteriako gazte eta helduek, Noelia Tena, Oliber Nestar, Miriam López eta beste irakasle askorekin batera ikasturte berriari eman diote hasiera; Zumba, Urban Dance, Jumping Fitness, Bachata eta mota askotako dantzak egiteko aukera izanda.
Ikasleek oso hunkituta eta dantzatzeko gogoz hasi dute kurtsoa, Noelia Tenak adierazi duenez. Irakasleak gogo handia zuen ikasturte berria hasteko, gauza onak eta txarrak egon arren ikasturte honen itzuleran. “Alde batetik ona izan da hasteko aukera eman digutelako, baina beste aldetik jendeak dauka beldur handia gaur egungo egoeragatik", esan du Tenak.
Aurtengo kurtsoak beste urteetan izandako kurtsoekin konparatuz zenbait ezberdintasun daudela azaldu du Tenak. Alde batetik maskararekin dantza egin behar dute, bestetik klaseetan sartzen zen jende kopurua murriztu egin da eta azkenik, jendearekin zuten erlazioa hotzagoa bihurtu da segurtasun distantziak mantendu behar dituztelako.
Urtero, dantza estudioak 5 egunez gabonetako dantza-ikuskizun bat egiten du, egunean 2 emanaldirekin, Disneyren ipuinak interpretatuz. Bestetik, ekainean kurtso amaierako emanaldia egiten du, non taldeek ikasturtean zehar ikasitako dantza guztiak aurkezten dituzten. Aurten, gabonetako emanaldiak bertan behera utzi behar izan dituzte eta udaletxearen erantzunak jasotzeko zain daude, ekaineko emanaldia aurkeztu ahal izango duten edo ez.
Maskara, beti derrigorrezkoa
Kirola egiterako orduan maskararen erabilera oztopoa da askorentzat. Tenarentzat "gogorra" da musukoa erabili beharra; arnasa hartzea oso zaila delako. Gela bakoitzak lurrean puntutxo batzuk ditu itsatsiak ikasle bakoitzak bere lekua izateko eta beraien artean segurtasun distantzia mantentzeko; nahiz eta sartzerakoan zapatak alfonbran desinfektatu, idazkariak tenperatura hartu, eskuetan gela bota eta segurtasun distantziak mantendu, dantzatzeko maskarak derrigorrezkoa izaten jarraitzen du.
​
David Lacasa Luna 2020-10-20
​
#Dantza
#EurekaDanceEstudio
#NoeliaTena
#Errenteria