
IRUN BUELTAN DA
Holandan hasi behar zen Espainiako txirrindularitza Vuelta Irunen hasiko da Urriaren 20an
Guk ateratako argazkia
Hurrengo asteartean Espainiako txirrindularitza Vueltari irteera emango zaio Irunen. Hasiera batean Vueltaren lehenengo hiru etapak Holandan aurrera eraman behar ziren baina Covid-19a dela eta, bertan behera uztea erabaki zuten Herbereetako agintariek Unipublic enpresarekin batera. Irun-Arrate etapa laugarrena zen beraz hiru lehenengoak suspenditzean, Irun irteera-lekua bilakatu da.
Vueltaren 75. urteurrenean lasterketa aurrez aurre ikusiko dutenen kopurua aldatuko da. Covid-19ak ondorio garrantzitsuak eragin ditu lasterketaren alderdi guztietan. Javier Echepare Irungo udaletxearen Kirol Ekintzen Arduradunak adierazi duenez, publiko gutxi egongo da, edo behintzat, ez egoera normal batean egongo litzatekeena. “Oso publizitate gutxi egin da eta aurreko asteburutik Vuelta hasi arte antolatuak genituen ekintzak ezin izan dira aurrera eraman egungo egoera ikusita”, jakinarazi du Echeparek.
Kalkulatu dute irteera-puntura 100 pertsona inguru bertaratzea, horretarako segurtasun zerbitzuek jendeak distantziak eta osasun-neurriak betetzea ziurtatuko dute. Arduradunak jardunaldia ospatzean arriskurik ez dela egongo aipatu du: “Arriskutsua izango balitz, argi dago ez genukeela antolatuko”. Osasun sailak ekitaldia aurrera eramatea baimendu duela gehitu du Echeparek. “Irteeretan normalean ez da hainbeste jendetza elkartzen. Helmuga erabat ezberdina da, eta are gehiago aurten Madrilen bukatuz gero, horrelako egoerak arriskutsuagoak dira”, adierazi du Irundarrak.
Irungo herriarentzat onuragarria
Arduradunaren arabera, Irungo herriak jardunaldiari harrera ona egingo dio: “Uste dugu orokorrean jendeak ondo hartuko duela, gutxitan dugulako lehen mailako txirrindulariak ikusteko aukera”. Irunentzat “onugarria” izango dela dio Echeparek, 150 herriko telebistetatik Vuelta ikusten delako eta leku guztietatik Irun izena aterako delako. Nahiz eta gertakizunak publizitate asko egin, ekonomikoki eta kulturalki ezin izango da nahi adina aprobetxatu.
Ane Susperregui Oritz 2020-10-15
#EspainiakoTxirrindularitzaBuelta
#Irun-Arrate
#ArriskurikEz
#HarreraOna