top of page

«Kirola funtsezkoa da niretzako, bizi-kalitate on bat izateko»

Armentia Ikastolako Gorputz Hezkuntzako irakasleak “Mundua Bizikletaz” blogspotaren bidez aurkezten ditu bere lagun eta familiarekin munduan zehar egindako bidaiak

Koldo Zubizarreta Gerendiainek (Oiartzun, 1974) eta Ainhoa Perez De Nanclaresek (Gasteiz, 1983) ‘Mundua Bizikletaz’ blogspot-a sortu zuten 2006an. Bertan, bizikletaz arakatzen ibili diren herrialdeekin eta jendearekin bizi izan dituzten esperientziak kontatzen dituzte. Argazki eta kontakizunen bidez, bazter ezberdinetan izandako bizipenak argitaratzen dabiltza orduz geroztik. Koldo Zubizarreta, bere aldetik, Armentia Ikastolako gorputz hezkuntzako irakaslea da eta bere lanari esker gazteei kirolarekiko pasioa helarazten saiatzen da.

 

Zergatik erabaki zenuen Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua (JFKZ) egitea?  

Txikitan gorputz hezkuntzako irakasleekin oso harreman ona nuen; gainera beti izan naiz oso kirolzalea. Hainbat jarduera fisiko egin ditut: atletismoa, futbola, mendia… Beraz, nahiko gaztetatik argi nuela esango nuke. JFKZ ikasi eta gero magisteritza ikastea erabaki nuen; betidanik umezalea izan naiz eta asko ikusten dut nire burua gazteengan islaturik. Haietaz asko ikasi dezakedala uste dut eta horrek hezkuntzan jarraitzeko indarra ematen dit.

​

“Mundua Bizikletaz” blogean 2002an lehenengo bidaia egin zenuela ikusi dugu. Nola bururatu zitzaizuen lehen bidaia horri hasiera ematea? Norekin joan zinen?

Lehenengo bidaia oso lotuta dago nire ikasketekin eta JFKZ-en egin genuen lagun-taldearekin. Garai hartan Jon Arretxe idazlearekin harreman ona genuen, berak ere gure fakultatean ikasten zuen eta munduan zehar bidaiatzen zebilen gero horren inguruko liburuak idazteko. Bere eredua edo ideiari eutsita hasi ginen Pirinioetara joateko prestatzen. Pirinioetan ibili ginen uda horretan, eta hortik aurrera  munduko  toki ezberdinetara joaten hasi ginen. 2002an Kubara joan ginen 20 egunez JFKZ-eko lagunok eta aurrerantzean ezin izan genuen gelditu. 

 

Nola ikusten zen garai hartan gazte talde batek bizikletaz bidaiatzea? Zaila zen?

Bai. Asko aldatu da dena. Guk bidaiatzen genuenean Interenet sarea ez zegoen hedatuta. Oso informazio gutxi zegoen eta “abentureroagoa” edo zailagoa zela esan liteke. Garai hartan arraroa zen bizikletaz bidaiatzen zuten talde hain handiak ikustea. Guk bostnaka, seinaka eta zazpinaka bidaiatu ohi genuen. Taldeka bidaiatzean hartu-emana oso intensoa da, baina guk hala egiten genuen.

​

Mundua bizikletaz garraiatzean bizi izan duzu(e)n esperientziarik bereziena?

Niretzako esperientzia bereziena Mirenekin, neskalagunaren adiskide batekin, izan genuen. Txinara joan ginenean arazoak izan genituen edukiak “Mundua Bizikletaz” blogean argitaratzeko eta berari esker lortu genuen edukiok igotzea.

42.JPG

Guk Txinatik kontakizunak idatzi, argazkiak berari bidali eta bera arduratzen zen hemendik postak igotzeaz. Zerbait berezia izan zen guretzat. 

 

Ondorio fisikoak pairatu zenituzten bidaia hauek egin eta gero?

Bidaia luzeak egin ditugunetan oso garrantzitsua izan da atsedena eta jarduera fisikoa ondo tartekatzea. Niretzat hori da gakoa. Gure helburua berez ez da bizikletaz ibiltzea bakarrik,  lekuak eta jendea ezagutzea baizik. Agian momentu konkretu batzuetan, nekea izan da gure “ondorio fisikorik” handiena, baina astebetez atsedena hartzen eta ondo jaten pasa ostean bidaiarekin aurrera egin ahal izan genuen. Altuera handiko lekuetan aklimatatzeko poliki joan behar izan dugu horrelakoetan kontuz ibili behar delako, baina nahiko indartsu sentitu gara beti.

 

Bizikletaz bidaiatzea planteatzen ari den norbaitentzako gomendiorik?

Gomendiorik nagusiena lasai joatea da. Badago bidaiaria baino txirrindulariagoa den jendea; egunero kilometro pila egin nahi dituena. Oso helburu potoloak jartzea arriskutsua izan daiteke. Gainera, herriek eta tokiek beraien denbora behar dute. Askotan edozein tokitan geratzeak eta bertako jendearekin solasaldi bat izateak gauza ikaragarriak erakusten dizkizu. 

 

Eta gomendatuko zenukeen helmuga herrialdea?

Europa mailan badaude toki egoki asko, baina Europatik at ezagutu dugunaren artean, Hegoekialde Asiatikoa oso egokia eta atsegina da; Laos eta Camboyako zonaldea batez ere. Jende oso jatorra bizi da bertan, eguraldi ona egiten du eta merkea zein segurua da. Bidaiatzen esperientzia handitu ahala, zonalde menditsuetara pausuak ematea gomendatuko nuke, baina hasteko herrialde horiek oso aproposak direla uste dut.

​

Zein da irakasle moduan kirolarekin duzun harremana?

Ikasleekin kirola egiten dudanean beti adibideak eta laguntza ematen saiatzen naiz, beraiengandik ahalik eta gertuen egoteko. Klaseez aparteko harreman onak eta politak eratzen dira eta asko ikasten dut nik ere haiengandik. Umeengandik jaso dudan irakaskuntzarik handiena ilusioa eta gauzak egiteko gogoak dira; mundua aldatzeko dituzten gogo horiek.

«Bidaia luzeak egin ditugunetan oso garrantzitsua izan da atsedena eta jarduera fisikoa ondo tartekatzea. Niretzat hori da gakoa»
«Irakasle moduan pazientziaren garrantzia azpimarratzea gustatuko litzaidake, bertute oso ona da gazteekin»

​

 

Zeintzuk dira kirolak erakutsi dizkizun balorerik garrantzitsuenak?

Alde batetik esfortzuak dakarren ordaina edo saria erakutsi dit bizitzako arlo guztietan, baita ikasketetan ere. Horretaz gain, osasun fisiko eta mentalaren garrantzia irakatsi dit. Ni gaztetan parranda-zalea izan naiz baina ez dut inoiz kirola alde batera utzi. Betidanik esan dut: “Parranda bai, baina kirola ere bai”. Kirola funtsezkoa da niretzako, bizitza kalitate on bat izateko.

 

Galdetu ez dizugun zerbait kontatu nahi duzu?

Irakasle moduan pazientziaren garrantzia azpimarratzea gustatuko litzaidake, bertute oso ona da gazteekin. Batzuetan arazoei denbora eman behar zaie, perspektibarekin guztiz ezberdin ikusten dira. Kirolari moduan beti ematen dudan gomendioa zure gorputza entzutea da, adinarekin batez ere gure gorputza aldatzen delako. Horrek ez gaitu frustratu behar, gure behar berrietara moldatzen diren jarduera fisikoak bilatzera motibatu baizik!

​

#Koldo Zubizarreta

#GorputzHezkuntza

#MunduaBizikletaz

#Bidaiatzen

#Osasuna

Lucía Mozas eta Maixa Utrera                                                                                                                                        2020-10-29

bottom of page