top of page
Ei6SxsQWoAE4i3P_edited.jpg

LEHENENGO POSTURAINO SALTO

​

Nora Tobarrek urrezko domina lortu du altuera jauzian 1,71 metroko saltoarekin Espainiako XXXV. Txapelketan

Nora Tobar atleta ataundarra lehenengo geratu da Espainiako Txapelketan altuera jauzi probako sub-23 kategorian. 19 urteko gazteak bere errekorra ezarri zuen Sevillan irailaren 27an 1,71 metroak gaindituta. Hasieran Uxue Erice nafarrarekin berdindu bazuen ere, azkenean garaile atera zen gipuzkoarra. 

 

Sevillan atletismo froga ugari egin ziren arren, Nora Tobarrek altuera jauzia besterik ez zuen gauzatu. Ataundarrak jakitera eman du beste atletismo-probak egitera ohituta zegoela duela bi urte altueran zentratzea erabaki aurretik. Tobarrek kirol honetan proba guztiek bere esfortzu eta lana eskatzen dutela argitu du: “Nire ustez proba guztiak dira oso teknikoak eta denek behar dute haien diziplina. Ez dakit zein den entrenamendu gehien behar duena zehatz-mehatz. Egia esan, guztiek behar dute dedikazioa”.

 

Koronabirusak ez zuen Espainiako Txapelketa geldiaraztea lortu baina Atletismoko Federazio Espainiarrak neurri bereziak hartu behar izan zituen ekitaldia aurrera eramateko. Espainiako altuera txapeldunak “oso zorrotzak” aurkitu zituen antolatzaileek ezarritako neurriak. “Orain arte beti izan dugu pistara sentsazioak hartzera joateko ohitura, baina oraingo honetan ez ziguten utzi”, adierazi du atletak. Gainera, probaren aurreko egunean pistan egin ohi zituzten beroketak kalean egin behar izan zituztela azaldu du Tobarrek. “Pistara sartzeko pultsera batzuk eman zizkiguten baina soilik proba egin behar genuen orduan sar gintezkeen”, aipatu du gipuzkoarrak antolakuntzaren harira.

 

Pixkanaka indartuz

Futbolak beste jarraitzaile izatea ezinezkoa bada ere, atletismoak badu bere lekua gaur egungo gizartean. Telebistan pixkanaka pisu handiagoa hartzen doala eta geroz eta ume gehiagorengana ailegatzen ari dela azaldu du Tobarrek. “Nik Altamiran ibiltzen naizenean geroz eta ume gehiago ikusten ditut. Nire ustez duela urte batzuk baino indar handiagoa hartzen ari da”, erran du atleta gazteak.

​

Maixa Utrera Puelles                                                                                                                 2020-10-15

​

#Atletismoa

#Sub23

#AltueraJauzia

#NoraTobar

bottom of page